XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Han doa! Buruz behera, beti bezala! Hala ere, nahiko errez altxatu da... hori gertatzen zaio zaldiaren inguruan hainbeste gauza zintzilik izateagatik...

Horrela segitu zuen berekiko hizketan, zaldiaren ibilkera geldoari, eta Zalduna erortzeari, lehenengo alde batetik eta gero bestetik, so egiten zien bitartean.

Laugarren edo bostgarren erorketaren buruan bihurgunera iritsi zen, eta orduan neskak astindu egin zuen painelua, begibistatik kanpo geratu zen arte.

- Espero dut honek adorea ematea esan zuen bueltatuz, muinoan behera joateko prest; eta orain laugarren errekastoaren bila, eta Erregina izango naiz!.

- Ze ondo jotzen duen! - Pauso gutxi batzuek errekastoaren ertzera eraman zuten (8) Hemen tartekatzen den zatia, Pelukadun liztorra , liburua inprentan zegoela John Tennielen aholkuz ezabatu zuen Carrollek. Geroztik galdu egin zen, eta Telegraph egunkariaren iganderoko gehigarrian argitaratu zen lehen aldiz, Londresen, 1977.eko Irailaren 4ean. Itzulpenerako erabili dudan edizioan ez da zati hau agertzen, eta zatia zein aurkikuntzaren berri Luis Maristanyen ediziotik jaso eta gaztelaniatik itzuli dut (ik. bibliografia).

Zeharkatzera zihoan une berean, bere atzeko basotik bide zetorren hasperen sakon bat aditu zuen.

Oso zorigabe sentitzen den baten bat izango da, pentsatu zuen Alicek, zer zen ikusteko antsiatsu bueltatuz.

Agurea ematen zuen norbait (nahiz eta aurpegian liztor baten antza izan) lurrean zegoen zuhaitz baten kontra, kiribilkaturik eta dardarka hotz handia izango balu bezala.

Ez dut uste harengatik ezer egin dezakedanik pentsatu zuen Alicek errekastoa zeharkatzeko prest.

-Baina zer gertatzen zaion galdetuko diot gaineratu zuen ertzean bertan geldituz.

Izan ere, jauzia emandakoan dena aldatuko da eta ezin izango diot lagundu.

Eta horrela, nahikoa gogoz kontra, erregina izateko gogo handia bait zuen, liztorra zegoen tokira itzuli zen.

- Ai ene hezur gaixoak, ene hezur gaixoak!- purrust egin zuen Agureak Alice hurbiltzean.

Nere ustez erreumatismoa da horrek daukana, esan zuen neskak berekiko; eta harengana makurtuz, zera esan zion samurtasunez: - Min handia duzu? Ezetz espero dut.

Liztorrak soinak goratu zituen eta beste alde betera bueltatu zuen burua, zera murmurikatuz: - Ai, ai, ai ene!.